• Loiolako Erriberan euskaraz jolasten aritu ginen

    Loiolako Erriberan euskaraz jolasten aritu ginen

    Joan zen igandean Loiolako Erriberako Auzo elkarteko euskara taldeak gonbidatuta, goiz pasa egin genuen Donostiako auzo honetako familiekin jolasean. Helburua auzoan euskararen erabilera indartzeko jarduera osatzea, familiako kide guztiek parte hartzeko modukoa.

    Eguraldiak ez zigun gehiegi lagundu, goiz euritsua izan baikenuen, azken urteetako Urria epelena egin duenean… baina familien aldarte, gogo eta umore onari esker zeru ilunari aurpegirik alaienarekin aurre egin genion. Biba zuek!

    Goiza talde arteko errelebo lasterketarekin hasi genuen. Bikoteka zakuetan, hankak lotuta edo eskutik helduta osatu behar izan zuten proba talde desberdinek.

    Ondoren pilota gudan aurrez aurre jarri genituen haurrak eta gurasoak, kolorerik eta emozio handirik izan ez zuen lehian… etxeko txikienen grina aise gailendu baizitzaion eskarmentuari…

    Euriak atsedenik ematen ez zigula ikusita, Bartzelona Hiribideko etxe azpietara joan ginen jolasekin jarraitzera. Buztanak lapurtzen, non dago pilota? eta bukatzeko paratxutean denok batera eta korapiloa egin eta askatzen abilak zirela erakutsi zuten.

    Proba bakoitza egin ondoren partehartzaile guztiei paperezko panpintxo irudia ematen zitzaion eta euskaraz esaldi bat idazteko paper zati bat. Panpinak eta esaldiak ondoren Loiolako Erribera irudikatzen zuten mapa erraldoian jartzen joan ginen, auzo aktiboa eta euskalduna modu sinbolikoan eraikitzeko .

    Gure eskerrik beroenak eman dizkizuegu gerturatu zineten guztioi, erakutsiko aldarteak eta gogoak antolaketa nabarmen erraztu zigutelako. Laister arte!

Iruzkina idatzi / Déjanos tu comentario

Cancel reply